
Hezkuntza eta Arteak Ikasgeletan
Hezkuntza eta Arteak Ikasgeletan artista eta sortzaileak ikastetxeetan murgiltzeko programa bat da, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan nahiz unibertsitatean (eskola-orduetan). Sorkuntza-prozesu bat da, eta bertan inplikatzen dira irakasle arduradunak eta ikasleak. Prozesuaren amaieran, eszenaratze bat, ikus-entzunezko bat edo adostutako beste formatu batean egindako material bat ekoizten da.
Zalantzarik gabe, garrantzitsuena prozesua da; izan ere, landu egiten dira diziplina artistikoak berezko dituen teknikak eta horri lotutako gaitasun guztiak –sormena, lankidetza, komunikazioa eta irudikatzeko gaitasuna–, eta balioa ematen zaio kultura-aniztasunari, adierazpen-askatasunari eta berrikuntza eta pentsamendu kritikorako gaitasuna lantzeari.
“Sormenak krisi-garaietan behar dugun erresistentzia sortzen du. Txiki-txikitatik elikatu behar da, irudimena askatzeko, jakin-mina pizteko eta giza talentuaren eta aniztasunaren aberastasunarekiko estimua garatzeko. Hezkuntzarekin hasten da hori guztia”.
Audrey Azoulay, UNESCOren zuzendari nagusia, Arte Hezkuntzaren Nazioarteko Astearen harira
Azken ikasturteetan, GizARTE sareko eragile hauek izan ditugu gurekin, hezkuntza eta arteak inplementatzeko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako mailetan: Horman Poster, Utopian Getxo, Tepsis Teatro, Begira Elkartea eta Teatro Paraíso. Horietako bakoitzak bere metodologiak erabili eta garatu ditu, betiere arte eszenikoei eta ikus-entzunezkoei lotuta.
Ikastetxe hauetan ezarri da Hezkuntza eta Arteak Ikasgeletan proiektua: Cantarrana Eskola (Muskiz, Bizkaia), Bertendona BHI (Bilbo), Aranbizkarra Ikastola (Vitoria-Gasteiz), Deustuko Ikastola (Bilbo) eta Julio Caro Baroja Institutua (Getxo).
Horrez gain, unibertsitatean ere bagaude, zehazki Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Hezkuntza Fakultatean, ARTikertuz komunitatearekin lankidetzan (irakasle, ikertzaile eta bitartekari artistikoekin praktikak egiteko komunitatea).
Besteak beste, GizARTE sareko eragile hauek egin dituzte tailerrak eta prestakuntza-ekintzak unibertsitatean: Ikertze, Calcuta Ondoan, Jon Martin, Cocina de Guerrilla eta Eva Mena.